BCCCAP00000000000000000001752

14 sandalia berriak erosi zizkion eta egun batzuk lehenago hasi zen sandalia horiekin ibiltzen, minik ematen ote zioten nabaritzearren. Baina lagunekin, eguraldi oneko batean, hondartzara hurreratu eta, sandaliak hondar gainean utzita, bainatzera abiatu zen. Uretan atseginez ibili ondoren, arroparen bila etorri zenean, sandaliarik ez zegoen: itsasoak eramanak zituen. Bila bila aritu ondoren, sandalia bakarra aurkitu zuen eta etxera kojuka iritsi sandalia bakarrez: —Baina zer egin duk? Sandalia galdu itsasoan? –ama ernegatuta noski. —Lasai, ama, agertuko da. Ikusiko duzu. —Babua al haiz? Nola agertuko da? Itsasoak eraman badik, eraman dik eta kito. —Ezetz, ama, ikusiko duzu nola agertzen den. Ziur. Jose Luis egunero joaten hasi zen hondartzara sandaliaren arrastorik ote zegoen ikustera eta, egun batzuk pasata, aldagelen sarrerako ataka baten burnian zintzilik aurkitu zuen. Etxera eraman zuen eta ama harrituta geratu zitzaion: —Ikusten, ama, esan nizun agertuko zela. —Baina, nola aurkitu duk? —Oi, ama, fede txikiko emakumea! Itxuraz ere berezia omen zen Jose Luis. Kiskur horailak zituen, ipuinetako printze baten tankeran. Behin anaia Iñakiri Kristau Ikasbide Eskoletan burutzen zen Pazkoako zozketan, arkumea egokitu zitzaion. Arkumeak ere ile kizkurrak zituen. Jose Luisen ahaidea ematen zuen. Biok elkarrekin argazki batean atera zituzten. Gauetan ere somnanbulu ote zen errezeloa dute bere arrebek. Behin harrapatu zuten gurasoek, gauerdian, lokartuta baina tente, etxeko atean kalera atera nahiz. Harrez geroztik zerraila gauero ixten zuten. Beste batean, goizean jaiki zenean, ohe azpian utzitako zapata blai eginda aurkitu zioten. Galdetu arren, hasieran berak ere ez zekien zergatik. Geroago, gosaldu bitartean etorri zitzaion oroitzapena: gauean txizagureak bultzatuta zapata hartu pixontzia zelakoan eta bertan ixuri zuen maskuriko ur hori guztia. Amaitzean horrela bota omen zuen:

RkJQdWJsaXNoZXIy NDA3MTIz