BCCCAP00000000000000000001752

11 erabaki. Banatzen zizkieten janariak izan zitezkeen bertara hurbiltzeko arrazoia. Anaia Iñakik konfirmatuta badakigu kaputxinoek bertako gaztelekura joaten zirenei sagaratu beharreko formak prestatzean geratzen ziren ebakinak banatzen zizkietela. Baina Consuelok gehitu du beste datu interesgarria: ogitarteko oso onak ere ematen zizkieten, txorizozkoak, txokolatezkoak, arrautz opilezkoak… Benetako luxua garai horretan. Anaiarrebek galdera egiten omen zioten etxeratzerakoan: zer, nolako ogitartekoa gaur? Eta inbidia galanta pasatzen omen zuten horren kontura. Bestetik, Kaputxinoen elizan lantzean behin funtzio oso bereziak izaten ziren. Handiena noski Lurdesko Ama Birjinaren Bederatziurrena, Eliza honen adbokazioan baitago. Jendez gainezka jartzen zen eliza eta jarleku guztiak betetzen zirenean ba omen zituzten bazter batean prestatuta aulki tolesgarriak. Monagoak horren zain egoten ziren eta inor aulki bila zebilela ikustean, berehala hurreratzen zioten bat, horren truke txakur txiki bat edo beste maiz erortzen zitzaielarik eskuetan. Beraiek irribarre batez jaso eta poltsikotaratzen zuten berehala. Jose Luisek, hori suertatzen zitzaionean, ez zuen denborarik galtzen, Hernani kaleko okindegira joaten zen, bere txanponaren truke emango zioten pastel inglés ale baten bila. “ Pastel inglés, parece mierda y lo es ” egiten zuten kanta garaiko haurtxoek. Ez zitzaien arrazoi falta, ogi, erroskila eta bezperako kondar guztien bilduma baitzen. Baina handia ere bazen eta sabela berdintzeko oso egokia. Jose Luisek bestela gogoratzen du kaputxinoengana joate hori. Berak meza laguntzen ikasi nahi zuen eta Santa Maria elizan monago zebilen Los Ángeles eskolako ikaskide bati eskatu omen zion bertan hastea. Honek eraman eta, zorte onik ez, lehenengo egunean On Bernardo Unanue apaiz jenio txarrekoari laguntzea egokitu. Jose Luisek ez zituen xehe-mehe ezagutzen garai hartan meza laguntzen egin beharreko maniobra guztiak eta ur-ardo ontziak apaizari aurkeztu behar zizkionean, ez zuen eginkizuna erabat zuzen burutu. Apaiz ernegatu hark, meza amaitutakoan garraisi egin omen zion lagunari: —Ez niri meza ondo laguntzen ez dakienik ekarri! Hori zela eta kaputxinoetara joatea deliberatu zuen.

RkJQdWJsaXNoZXIy NDA3MTIz